Aupa lagunak!
Gaurko honetan, partekatzeko gogotsu gauden berri bat ematera gatoz:
Urte hauetan egindako lanari eta lortutako fruituei esker, Armiarma Kooperatiba martxan da eta Ziordiako komentu zaharra eta bere lurrak erosi ditu.
Kooperatiba sortzeko prozesua luzatu egin zen kooperatiben erregistroan, eta horregatik atzeratu zen erosketa-data.
Ez dugu banku-hipotekarik behar izan, baina erosketaren ia bi heren interesik gabeko mailegu pertsonalei esker ordaindu dira, eta datozen hamar urteetan itzuliko ditugula hitzeman dugu.
Une honetan, lege-mailan Amaraunako espazioaren erabilera aldatzeko bidean gaude. Erlijiosoen egoitza izatetik, proiektuaren helburuetara eta nahietara gehien egokitzen den erabilerara aldatzeko. Horretarako, Ziordiako Udalari aterpetxe bat martxan jartzeko proiektua aurkeztu diogu.
Erosketaren helburua Amarauna proiektua denboran mantentzea da, hau da, herri mugimenduari eskaintzen zaion espazio bat mantentzea, bertan egiten diren ekintza guztiak babestuz (barne-bilerak, elkarguneak, topaketak etab.)
Gainera, bizikidetza kolektiboa garatu nahi dugu. Badug lekua, baita gogoa ere, eta irekiak gaude zu ere nahi izanez gero, honen parte izateko! Animatuko zinateke? Jarri gurekin harremanetan!
Prozesu honetan, laguntzaile ugari izan ditugu: Xabier Barinagaren ezinbesteko aholkularitza, Eneko Garrido web gunearekin, HiritikAt arkitektoak, KoopFabrika, Sakanako Garapen Agentzia, herri mugimenduko kolektibo anitzak, proiektua babesten duzuen bazkideak, ekarpen ekonomikoak egin dituzuenak, mailegu pertsonalak egin dizkiguzuenak eta nola ez, armiarma sarea ehuntzen buru belarri dabiltzan armiarmatxoak.
Guztiei, eskerrik asko, Amaraunan ikusiko dugu elkar!!