Armiarmak Euskal Herriaren erdigunean ehundu du amarauna, Sakana haraneko Ziordian (Nafarroa), Arakil ibaiaren ertzean, Eginoko haitzen magalean eta A-1 autobidearen alboan, Araba eta Nafarroa arteko mugan. XIX. mendearen hasieran habiak errotaz jantzi zuen bere burua, ehun lantegia ere izan zen, geroago karlistadetan ospitale eta XX. mendean Hermanas de Nuestra Señora de la Compasión ordena frantseseko mojen komentu. XXI. mendea Amarauna proiektuarena da.
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2699/ziordiako-amarauna
Gaur egun zazpi pertsona heldu eta lau haur bizi dira bertan eta bizitza proiektu alternatiboa eraiki nahi dute: haietako bakoitzak berea eta denon artean Amarauna. Iturmendiko Jordi da hariak dantzan jarri dituenetakoa, Amaraunako beteranoa. 30 urte ditu eta 2015eko udan ekin zioten lau lagunek Sakanan pisu merkeen bila, okupatzeko, bizitzeko… Ziordiako komentuarekin egin zuten topo eta mojek berau uzteko asmoa zutenez, eraikin handiaren ondoan dagoen etxe txikian egin zituzten lehenbiziko urratsak: “Irailerako –dio Jordik– etxetxoan bizitzeko eta lurra erabiltzeko lagapen kontratu bat sinatu genuen mojekin. Han hasi zen Amarauna. Gero 2017an esparru osoa erabiltzen utzi ziguten eta 2018ko abenduan erosteko aukera eman”.
Jordi, Izar eta sei urteko Alaitz elkarrekin bizi dira Amaraunan eta 2020ko otsailaren amaieran kazetari hau Ziordiara abiatu zenean Izar haurdun zegoen. Jordi pintorea da eta Izar irakaslea Lakuntzan. Gero koronabirusaren itxialdiak harrapatu gintuen denok eta amesgaiztoaren ondoren, udak ongi etorria eman zion ekainaren 20an munduratutako Intzari.
Amaraunan bizi den Itsasok erakutsi zidan otsail amaieran komentua, aukerez gainezka hornitutako espazio erraldoia: logelak, sukalde oparoa, jantokia, biblioteka, gimnasioa, kapila, bilera gelak, sotoa… “Proiektu alternatibo bat eraikitzeko paradisua, mojen zerutik mirari gisa eroritakoa” pentsatu nuen orduan: 3.000 m2-ko eraikina eta 30.000 m2-ko espazioa lurra landu eta bakoitzak bere proiektuak elikatzeko. Finean, beste era batera bizitzeko.
Eta hori guztia 320.000 eurotan erosteko aukerarekin. Galdera ezinbestean erori zen mahaiaren gainera: “Baina pagotxa hori zergatik zuei?”. Jordik ez daki azaltzen zergatik haiei, baina hasieratik oso harreman ona izan dute mojen komentuko nagusi eta Espainiako Estatuko ordezkari den Josefinarekin, eta hark beti aintzat hartu izan ditu aurkeztutako proiektuak.
Erosketa prozesuak ekarri zien ika-mikarik ere taldean. Asko okupazioaren mundukoak izanik, erosketa zalantzan jarri zuen hainbatek, besteak beste elizako erakunde bati dirua ematea zekarrelako. Eztabaida prozesu haren ondoren, batzuek utzi egin zuten taldea, horien artean, 2015ean etxe bila abiatu zirenetako bik.
3.000 m2-ko eraikina dute eta 30.000 m2-ko espazioa lurra landu eta bakoitzak bere proiektuak elikatzeko, guztia 320.000 eurotan erosteko aukerarekin
Mundu berria nola?
Amarauneko proiektua ez da bertako bizilagunentzat bakarrik, proiektu zabala egiten ari dira, nahi duten herritarren artean eraiki eta gozatzeko. Bide horretan, 2017tik gaurdaino dozenaka herri mugimendu eta talde pasatu dira bertatik, ehunka lagun jardunaldiak eginez, topaketetan lanean edo aisialdian. Otsaileko egun argi eta hotzean infusio banarekin jarri gara sukaldean Itsaso eta biok: “Hau Euskal Herriaren erdigunean dago, oso posizio onean taldeek eta herritarrek toki zoragarri honetaz goza dezaten eta hori da guk nahi duguna, lanerako eta gozamenetako espazio duin eta eder bat eskaintzea. Ez daude halako asko eta merezi du baliatzea”.
Azken hiru urteetan molde askotako bilkura eta topaketa egin dira bertan, haien webgunean (https://amarauna.eus/) ikus litekeen bezala: Joxemi Zumalabe Fundazioa, Madrilgo Tabarilea emakumeen batukada taldea, AHT Gelditu!, Landa okupazioaren aldeko topaketak, Reclaim the Fields, Maravillas gaztetxearen aldeko festa, Revolución Integral, Emaginak, Con Ojos de Mujer, Askapena, elikadura burujabetzakoak eta beste ugari.
Amarauna elkarteak bideratzen du hori guztia, funtsean aterpea eskaini eta jaten ematea, hala nahi duenarentzat. Lo egiteko hainbat eskaintza dira: logelan edo norberak bere lo-zakua eramanda. Bazkari ederra ere dasta liteke, dena bertako baratze ekologikotik jasotako produktuekin goxo-goxo prestatua. Kokagune ederraz gain, kalitate-salneurrian eskaintzen duten zerbitzu onak ere ematen du orain arte izan duten arrakastaren azalpena.
40 bat lagunek osatzen dute Amarauna elkartea, bakoitzak urtean 70 euroko kuota jartzen du, eta honek ematen die espazio guztiaz gozatzeko aukera. Partaide guztietatik hamar kidek osatzen dute talde motorra eta hauek ardura gehiago ere badituzte, horien artean daude datozen taldeen kudeaketa eta, espazioaren mantenuan eta garbiketan parte hartzea. Eraikina eta lurraren erosketa bideratzeko, ostera, Armiarma kooperatiba sortu dute, oraingoz lau kidez osatua: Izar, Jordi, Itsaso eta Carlos. Kooperatiba izango da eraikinaren eta lurraren jabe, eta hamabost bat pertsonez osatu nahiko lukete, beren kalkuluen arabera, kopuru hori ona izan daitekeelako espazio honetan elkarrekin bizitzeko eta, aldi berean, Amarauna proiektua aurrera ateratzeko. “Zelanbait irudikatzeko –diote haiek–, espazioaren laurdena bertan biziko direnentzat izango da eta beste hiru laurdenak kolektiboentzat. Bertan bizi direnek ere, ez dute euren etxea izango, zentzu klasikoan; etxeak kooperatibak banatuko ditu erabilerarako, beharren arabera”.
Bertan bizi direnek ere ez dute euren etxea izango, zentzu klasikoan; etxeak kooperatibak banatuko ditu erabilerarako, beharren arabera
Hainbat zereginetarako erabiltzen da Amarauna. Beharrik handiena taldeen kudeaketa da, baina horrez gain, garagardoa ekoizten da, fruta batu eta marmelada egin, bi behor ere badira, behi gutxi batzuk, erleak ere lantzen ditu batek, asteazkenero biodantza egiten dute dozena bat lagunek… Bazkide bakoitzak bere proiektua gara dezake bertan.
Goxo sartzen da rooibos infusioa, etxe barruan ere fresko da eta Itsasok berogailua hurbiltzen du berriketara. 48 urteko emakumea da eta duela urtebete bizi da Amaraunan. Okupazioaren mundutik dator eta Ziordiara etorri aurretik, Nafarroako Erro bailarako Urnizan bizi izan zen bi urtez, Carlosekin batera; lehenago sei urtez bizi izan zen Lakaben (Nafarroa) eta… “pixka bat nekatuta ere banago, okupazioan egin eta desegin ari zara etengabe, adinean ere aurrera noa eta nonbaiten finkatu nahiko nuke nire burua; hau toki zoragarria da horretarako. Mundua aldatu nahi duen jende asko dator hona, eta horrek ere elikatzen nau”.
Leihotik ikusten dut Carlos baratzean, aitzurra eskuetan; harekin batera aritu izan da azken bost urteetan lurra lantzen. Carlos Madrilen jaioa da, baina ama Urdiainekoa (Nafarroa) du; Itsaso Bilboko Ibar Ezkerrean. Orain Itsasok badu beste proiektu bat buruan, gatazken eta emozioen kudeaketarekin zerikusirik duena, baina oraindik hastapenetan dago gehiago azaltzeko ere. Haize eta Martin, 12 eta 9 urteko seme-alabak bizi dira berarekin eta pozarren da, komentu ondoko etxetxora joango delako bizitzera haiekin. Carlos 16 urteko bere alaba Lunarekin bizi da komentuan eta, batez ere, bera arduratzen da baratzeaz Amaraunan. Lehenago Beizaman (Gipuzkoa) eta Lakaben ere bizi izan zen. Lunak Gasteizko Dantza Kontserbatorioan ikasten du.
Sukaldean dira lanean Manola eta Negro ere, hurrenez hurren 33 eta 38 urteko bizilagunak. Hilabete gutxi daramate Amaraunan eta bertan bizitzea zer den probatzen ari dira. Etxeko produktuekin bazkari ederra prestatu digute eta hamar bat lagunek bazkaldu dugu elkarrekin kontu kontari. Hilero bere diru ekarpena egin behar du hemen bizi nahi duenak eta erosketa prozesuan parte hartzeko, gutxienez urtebete bizi behar da bertan.
Itxialdian libre
Otsaileko egun argi haren ondoren iritsi zen konfinamendu iluna, ARGIAko erredakziora zein Amaraunara. Hala geratu zen erreportaje hau ere, itxialdian. Denon bizitzak aldatu ziren, baina batzuena beste askorena baino gehiago: “Gu ez gara ia enteratu”, diote irribarretsu Amaraunako bizilagunek abuztuko arratsalde euritsuan, paradisu txikira egindako bigarren itzulian. Ez da harritzekoa, hainbeste leku barruan, kanpoan, baratzea… itxialdian luxua izan den guztia izan dute bertan. Konfinamenduaren ondoren, esaten da hirietan jende askok erakutsi duela landa eremuarekiko interesa eta hemen ere sumatu dute joera hori: “Hainbat herritar jarri dira harremanetan bertakoekin Amarauneko proiektuaz jakin-minez”.
Arratsaldeko euritik babesteko eraikinaren babesa bilatu dugu, solasa laguntzeko atera duten gazta, sagardoa eta garagardoa lagun. Inguruan dira Diversidad Funcional taldekoak joan etorrian, haien jardunaldiak prestatzen, eta ondorengo egunetan etorriko dira estatu osotik Revolución Integraleko 60 bat lagun. Gehiago etortzekoak ziren, baina koronabirusaren murrizketekin hemen ere mugak jarri behar izan dituzte.
Carlos patatak sailkatzen ari da, “patatak badu lana alde horretatik, noizean behin dena miatu eta ustela baztertu behar da, guztia usteltzea nahi ez baduzu. Baina tira, gero apirilera arte izango dugu patata”. Izar eta Intza, Jordi, Marina, Itsaso eta seiok bildu gara biribilean kalaka.
Baratzea sormena ere bada
–dio Carlosek–: batzuetan pentsatzen dut landatzen duzun guztiaren koadro bat dela baratzea; eta erresistentziarako espazioa, ez baikara asko hala bizi garenak”
Marinak Amaraunaren webgune berria prest dutela diosku eta iraileko lehen astean crowfunding-a ere prest izango dela. Marinak 24 urte ditu, Jordiren arreba da eta Axirekin bizi da Iruñean, bertan egiten baitute lan. Hori bai, biak sakandarrak izanik, asteburuetan beti jo izan dute herrira, eta orain herria Amarauna da. Proiektukideak dira eta itxialdia ere bertan pasatu dute.
Itxialdiak itxialdi, munduak aurrera darrai eta baita lekaimeek ordainketarako jarritako epeak ere. 2020ko urrirako ordaindu behar zuten, baina koronabirusa tartean, mojek abendura arte luzatu diete azken ordainketa. Horretan ari dira orain: zati bat ordaindu dute, beste bat maileguekin hornituko dute eta beste bat herritarrek jarritakoarekin. Neska ezezagun batek, adibidez, 10.000 euroko ekarpena egin die proiektuak erakarrita, eta bestelako diru ekarpenak ere jasotzen ari dira. Itsulapikon irailaren 7an hasi berri den crowdfunding-arekin egingo dute azken txanpa.
Armiarma hirian
Osteguneko 10:00ak dira eta Aitor Carlosen zain da Iruñeko La Merced kaleko Bakearen Etxean. Han da Lurreko kontsumo taldearen egoitza eta ostegunero Carlosek bertan uzten ditu baratzean jasotako barazkiak. Gero San Agustin kalean den Jateko kontsumo taldera doa, eta pasatuko da baita ere Geltokitik –Iruñeko autobus geltoki zaharra– eta Kale Nagusiko Joxenea denda ekologikotik. Horrez gain, inguruko beste produktore txiki batzuekin trukea ere egiten dute Amaraunan ekoizten ez dituzten produktuak eskuratzeko. “Egun on, Carlos, zer moduz?”, Gazan baino hobeto bai behintzat, bota du irribarrez.
Carlosek 43 urte ditu eta argia da bere azalpenetan: “Nik ezin dut bizitza baratzerik gabe ulertu. Nire ekarpena hortik egiten dut: lurra zainduz eta baratzetik, elikaduraren bidez osasuna emanez”. Baratzeko lanetik bizi da, baina lana eta aisia ez ditu lurretik bereiziak ikusten: “Sormena ere bada, batzuetan pentsatzen dut landatzen duzun guztiaren koadro bat dela baratzea. Aldi berean, erresistentziarako espazioa ere bada, ez baikara asko molde honetan bizi garenak”.
Ekologikoan, bizpahiru pertsonek eramandako ortuarekin eta bertatik biziz… “hiruzpalau besterik ez gara Sakanan; Nafarroa osoan hamarren bat ba ote gara?”, dio Carlosek. Grina dario lurraz berbetan, baina bekokia iluntzen zaio etorkizunera begira, gainbehera ikusten du lurra: “Iragana eta geroaren arteko hari bat moduan sentitzen naiz, jende gazteak ez du molde honetan aritu nahi. Ez da lortu lurrarekiko maitasuna transmititzea. Martxotik urrira honek ez du atsedenik, etengabe lurrari eskainia, baina gero urritik martxoaren erdira arte ezer gutxi egiten dut, nagusiki uzta jaso eta banatu. Baratzearen lan erritmoan garaiak agintzen du, eta hori ez dator bat egungo kultura urbanoak ezarri dituen denbora erritmoekin”.
Pertsona eta komunitatea
Abuztuko arratsalde euritsuan komunitateaz ere jardun dugu mokadu artean. Hemen komunitate bat osatzen ari dela esan diegu eta haiek baietz, “baina apurka, behartu gabe” diote azkarregi joatearen beldur. Itsaso Lakabetik dator eta han komunitate zentzua estua eta sakona da. Oro har, denek garbi dute: “Hemen bakoitzak bere bizitza garatuko du eta guztion artean Amaraunako proiektua aterako dugu aurrera”.
Bakoitzak bere ekonomia du, baina ohiko bizitzako hainbat osagai partekatzen dituzte: janariak, kotxeak, zaintzak, lan batzuk –batez ere baratzekoak–… Webgune berrian ere argi mintzo dira zertarako ari diren lanean: “Espazio bat non askatasunean harremandu gaitezkeen, konfiantzan, errespetuan eta komunikazio on batean oinarrituz, gure nahi indibidual zein kolektiboak ase ahal izateko; gure ingurumena zainduz eta burujabetza osoa lortzeko bidean aurrera eginez”.
Euria ari du oraindik, Carlosek patatak sailkatzen amaitu du eta berriketara batu zaigu, berau amaitzear dela. Abuztuaren 27tik 30era Revolución Integralekoak etorriko dira eta zalaparta ederra izango dute bertan. Datozen hilabeteak intentsitate handikoak aurreikusten dira Amaraunan. Iruñerako bidea hartu dut, elkarrizketa zatiak buruan eta batzuetan ametsak egi nola bilakatzen diren bertatik bertara ikusiz; batez ere bilatzen, lantzen eta borrokatzen direnean. XIX. mendean eraikitako habia funts putre baten eskuetan erortzea izan zitekeen ohikoena gaur egun; botako zuten eraikina, baratze ederra suntsitu eta, haien ordez, kasurik onenean, etxebizitzak eta parke berde bat eraikiko zituzten. Zortea izan du errota zaharrak.